XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskararen eguneratze-prozeso honen ondorioz aurrera bidatuz doan hizgintza berriak ikerketa sakon eta orokor bat eskatzen du, egitura lexiko orok beharrezko duen barne koherentzia deusezta ez dadin.

Esan gabe doa eginkizun hori hartu dugula gure hiztegi arauemailearen helburu nagusitzat.

Hildo honetan eta lehen urrats bezala egungo literaturgintzan probetxagarri aurkitzen dugun guztia fitxaratzen ari gara, dagoenekoz 9.000-ren bat erreferentzia jaso ditugularik.

Bestalde egiteko berean ari direnekin harremanetan jarri gara, bereziki euskal zientzi hiztegia lantzen ari den Elhuyar taldearekin.

Era honetako harremanak aurrerantzean sendotzeko eta ugaritzeko asmo finkoa dugu.

Hiztegia tankeratzen hasteko orduan, ba zen aldez aurretik erabaki behar genuen zerbait: zer hizkuntz eredu behar genuen hartu oinharritzat?.

Puntu honetan bi iritzi edo aukera nagusi azaltzen zitzaizkigun.

Lehenak, arazoari ikuspegi filologiko huts batetatik so eginik, lapurtar klasikoaren tradizioa eta bereziki Leizarragaren hizkuntz eredua oinharritzat eskatzen zuen.

Bigarrenak, gaur egun euskararen indarra Gipuzkoa eta Bizkaian dagoela kontutan harturik sartaldeko literatur tradizioan oinharritzea proposatzen zuen.

Bi jokaeron alde positibo eta negatiboen azterketak ikus arazi zigun delako ikuspegiak ez zirela berez kontrajargarriak, askok uste duten bezala, elkar-osagarriak baizik.

Puntu honetan ba da arazo bat euskaldunak behar adina gogoan hartzen ez duguna: hizkuntz mailena hain zuzen.

Lehenago adierazi dugunez, mintzaira bat kultur hizkuntzaren kategoriara jasotzeak, haren ondasun lexikoaren sistimatizatze bat eskatzen du, eta sistimatizatze horretan hitz bakoitzaren denotazioaz gainera beraren konnotazio-multzoa eduki behar da gogoan.

Exemplu bezala gaztelania hartzen badugu, ikusten dugu adibidez sacamuelas, dentista eta odontólogo hitzak dituela, eta nahiz hirurak esannahi berbera duten, hots, denotazio berbera, hirurak ez dirala hitz berdin eta trukagarritzat hartzen, konnotazio desberdinak dituztelarik bakoitza hizkuntz maila bati dagokiolako.

Inguruko kultur hizkuntzak latinera jo izan dute hitz kultoak eratu behar zituztenean, eta rusoak bulgaro zaharrera, adibidez.

Gure kasoan eta nere iritzian, maila standarda sortaldeko literatur tradizioan oinharritu beharko genuke, (...).